Residuos de Navarra / Nafarroako Hondakinak

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile gisa duten esperientzia hobetzeko. Webgune honetako edozein estekatan klik egitean, zure nabigatzailean horiek instalatzeko baimena ematen diguzu.

12/12/2024

Bortzirietako Mankomunitateak Yenxa Garbiguneak bultzatzen du, eskualdean erabilitako olioaren birziklapena hobetzeko sistema berritzailea, sari moduan xaboia berehala ematen duena.

Bortzirietako Mankomunitateak, Almotech – Circular Economy enpresarekin lankidetzan, “Yenxa Garbiguneak” proiektu pilotua jarri du martxan. Etxeko hondakinik kutsatzaileenetako bat, erabilitako landare-olioa, herritarrentzat baliagarria den produktu, xaboia, era azkar, erraz eta automatizatuan bihurtzea bilatzen duen ekimen berritzailea da, hain zuzen ere.

Erabilitako landare-olioa ingurumen-arazo nagusietako bat da behar bezala kudeatzen ez bada; izan ere, litro bakar batek 1.000 litro ur kutsa ditzake, ekosistemak kaltetuz eta arazketa-prozesuak zailduz. Hala ere, nahiz eta inpaktu handia izan, etxeetan sortutako olio erabiliaren % 20 baino gutxiago birziklatzen da Espainian. Hori arrazoi desberdinengatik gertatzen da, hala nola informazio eta kontzientziazio falta, deserosotasunaren pertzepzioa, bilketa-guneetarako irisgarritasun mugatua edo erabilitako olio hori herritarrentzako baliabide bihurtuko duen sistemarik eza.

Proiektuaren bidez, Bortzirietako Mankomunitateak, Yenxaren laguntzarekin, oztopo horiek hautsi nahi ditu, tokiko balorizazio-eredu bat eskainiz, garbiguneetan erabilitako olioa biltzea errazteaz gain, birziklatzearen truke oinarrizko ondasun bat eskainiz, xaboia kasu. Gainera, konponbide horrek erabili eta botatzeko ontziak murriztea sustatzen du, herritarrek, mankomunitateek eta udalek arlo horretako Europa mailako helburuak bete ditzaten.

Baina, era berean, hondakin horien tokiko tratamenduak karbono-aztarna murrizten du, birziklatze-plantetara garraio luzeak egitea saihesten baitu, prozesu hori gure lurraldean aplikatutako ekonomia zirkularraren adibide garbia bihurtuz, Bortzirietako tokiko garapen jasangarria bultzatuz.

“Proiektu honek ingurumen-arazo bat konpontzeaz gain, beste herri batzuetan erreferentzia gisa balio dezakeen eredu jasangarri eta erreplikagarri bat ere bultzatzen du”, nabarmendu zuen Ana Martínez Tancok.

Bestalde, Bortzirietako Mankomunitateko lehendakariak, Patxi Castillo Graciarenak azpimarratu zuenez, “Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak hondakinen birziklapenaren aldeko apustu handia egiten jarraitzen du, baina baita hondakinen sorrera murriztearen alde ere, eta hori erronka handia bihurtu da kontsumo-gizarte baten barruan hondakinak kudeatzen dituzten erakundeentzat”.

Herritarren parte-hartzea

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da ekimen honek arrakasta izan dezan. Bortziarietako Mankomunitatetik eta Yenxa enpresatik dei egiten zaie herritarrei datozen egunetan erabilitako olioa Alkaiaga industrialdean kokatzen den garbigunean uztera eta ingurumena zaintzeko konpromiso kolektiboarekin bat egitera. Gainera, keinu horren sari gisa, garbigunean bertan erabilitako oliotik egindako garbigailurako xaboi-botila bat jasoko dute, eta baita inbutu hariztatu bat ere, etxean olioa errazago jasotzeko.

Proiektu honek ingurunea babesten laguntzeaz gain, guztion artean kontsumo arduratsuagoa eta kontzienteagoa lortzeko pentsamolde-aldaketa ere sustatzen du.

“Yenxa” proiektua fase pilotuan egongo da datozen 10 egunetan, proiektuaren eragina ebaluatzeko eta udalerri eta lurralde gehiagotara zabaltzeko plangintza egiteko. Bortzirietatik, apustua argia da: hondakinak herritarrentzako aukera bihurtzea, lankidetzan ari garenean iraunkortasuna posible dela erakutsiz, eta proiektu ukigarri batekin lankidetza publiko-pribatuaren eta herritarren indarra erakutsiz.

Informazio gehiagorako, jar zaitez harremanetan gurekin:

Txomin Elgorriaga Astondoa – técnico de la Mancomunidad de Bortziriak. 662 078 400. teknikaria@bhm.eus. www.bhm.eus

Ana Martinez Tanco – CEO y Co-founder Yenxa. 695 57 74 88. ana.martinez@almoneco.com. www.yenxa.ecowww.almotech.es

Zurekin batera, etorkizun garbiago eta iraunkorrago baten alde.